XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XVI-XVII. mendeak: Etxepare- Axular- Leizarraga

Euskal Literaturaren baitan hiru izen handirekin egingo dugu topo: Etxepare, Axular eta Leizarragarekin, hain zuzen ere.

Hirurak Iparraldekoak dira, hirurak elizgizonak, hauek baitziren euskal hiritarren artean euskara lantzeko parada zuten bakarrenetarikoak.

Hiru idazle hauek, bakoitzak bere aldetik, bide berriak zabaldu zizkioten euskarari: nolabait esateko, gure klasikoak dira.

Testuak ez zaizkizu errazak suertatuko; baina ahalegintxo bat eginez, eta irakaslearen laguntzaz, helduko zara beren esanahia ulertzera.

Horretarako, hasteko, arreta handiz irakurriko dituzu testuok; gero, ariketaren bat proposatuko dizugu eta, azkenik, sintesia hartuko dugu aitzakia modura testuetara bueltatzeko.

1. Kokagunea

Bernart Etxepare (1543- ? ). Nafarroa Behereko Eiheralarreko erretorea izan zen, eta berari zor diogu ezagutzen den euskal lehen liburua: Linguae Vasconum Primitiae.

Liburu honetan, zenbait erlijio-gairekin batera, amodiozko poema biribilak ere aurkitzen ditugu eta, ororen gainetik, euskararekiko atxekimendua.

Pedro Axular, aldiz, Sarako herrian bizi izan zen (1556-1644). Gero haren liburuak gai serioa darabil: pertsonak bekatutik irten egin behar du, eta urrats hori orain eman behar du, ez du balio geroko uzteak.

Arrazoi askorengatik esan ohi da liburu hau euskal liburu klasikoen artean klasikoena dela.

Hona hemen, adibide gisa, iritzi bat: Hizkuntza jabetza harrigarria erakusten du Axularrek: aberastasun handia hiztegian, trebetasuna joskeran eta hitz ordenan. Haren mintzamoldea adierazgarria da, baliabide anitzekoa, gozatsua irakurtzeko. Euskal hitz lañoaren maisuetariko bat, dudarik gabe (Euskal Literatura, Eskola-Gida. VOX 1997).

Hirugarren idazlea Joannes Leizarraga dugu (1506-1601). Honek Testamentu Berria idatzi zuen, hau da, beste hizkuntza batetik euskarara itzuli zuen, horrela eskatu baitzion Kalbinoren doktrinaren jarraitzaile zen Joana Albreteko erreginak.